Gorliz eta Plentziako Marasmaren oharra:
Maiatzaren 12an, Gorliz eta Plentziako gazte topaketak burutuko dira, urte osoko prozesu bati amaiera emanez. Kurtso hasieran gazte talde batek herriko gazteen errealitateaz arduratuta (gazte desberdinen arteko harreman urriak eta oso puntualak, desmobilizazioa, pasibotasuna…) herriko egoera astindu eta pizteko prozesua jarri zuten martxan. Egitasmo honen helburua herriko gazte gehienen iritzi eta parte hartzearekin herriko gazteon egoeraren diagnostiko bat gauzatzea zen. Hamaika ekimen desberdin eraman dira aurrera helburu hau lortzeko, elkarrizketa pertsonalak zein koadrilaka, lonjetarako zein tabernetarako galdetegiak, baita hauetan bildutako datu eta informazioa berriro gazteekin partekatzeko saioak ere.
Hortaz, maiatzaren 12ko topaketak diagnostiko hau osatu eta borobiltzeko azken ekimena bezala ulertu daitezke. Prozesu osoan parte hartu zein parte hartu ezin izan duten gazte guztiekin Gorliz eta Plentziako gazteok ditugun arazo, lehentasun eta erronken gainean eztabaidatzeko parada izango dugu bertan, haiei nola aurre egin erabakitzeko eta horretarako gazteok nola antolatu gaitezen adosteko.
Badakizu gazte, hitzordua Gorlizko Teresianoetan daukazu, maiatzaren 12an arratsaldeko 16:30etan, animatu!
Ekimeneko kartela