Bestalde, Athleticen zaleek Europa Leagueko finalean emandako erantzun bikainaren ondoren (30.000 lagun baino gehiago elkartu ziren San Mamesen pantaila erraldoietan partida ikusteko), BBKren orotarako kutxazainetan Kopako finalerako sarrerak salgai jarriko dira datorren astelehenetik aurrera.
Sarrerak banatzeko ordutegia aurreratu da eta goizeko 7:30ean hasiko da. Horrela, sarrerak lanera joan aurretik eskuratzeko modua egongo da. Txartel bakoitzarekin gehienez lau sarrera hartu daitezke. Europako finalaren prezioari eutsi zaio -3 euro Athleticeko bazkideentzat eta BBK-ko bezeroentzat eta 5 euro gainerakoentzat-; hortaz, BBK txartelekin erosten diren sarreren prezioak hobaria izango du, entitateak berak bere gain hartuko baitu bere bezeroentzako sarreren kostuaren zati bat.
Iragan asteazkeneko arrakastaren ondorioz, BBK-k, Athletic eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, beste kirol jai bat antolatu du Kopako finala zuzenean ikusteko. San Mamesen sei pantaila erraldoi jarriko dira eta musikari protagonismo berezia emango zaio.
Athleticen zaleak finala hasi baino hiru ordu lehenago sartu ahal izango dira Katedralera, 19:00etan irekiko baitira futbol zelaiko ateak. Gaueko 22:00etan partida hasi arte, arrakasta handiko euskal taldeen musikarekin gozatu ahal izango dute zaleek: Zea Mays, El Menton de Fogarty, Rafa Rueda eta Itziarren Semeak izango dira giroa berotzeko ardura izango dutenak.
BBK "Athleticen denboraldi bikaina bultzatzeko bere ekarpena egiten ari da", aurrezki kutxaren arabera, bezeroentzako zozketa, opari eta pizgarrien kanpainen bidez. Egunotan abian den kanpainari esker, Kopako finalerako Athletic Cluben 100 kamiseta ofizial zozkatuko dira, Bilboko saltokietan BBK txartelekin erosketak egiten dituzten pertsonen artean.