Gainera, egungo sistema kapitalista eta patriarkarrak biziraun dezan inposatzen dizkiguten edukiak dira kontutan hartzen direnak. Sistemaren beharretara egokitutako froga da hau. Euskal ikasleoi, ez dagokigun curriculum arrotz bat inposatu, berau gure hezkuntza zikloan zehar barneratzeko agindu, eta unibertsitaterako sarrera azterketan horren gaineko “testa” egitera kondenatzen gaituzte. Gureak ez diren eduki eta nortasunak inposatu nahi dizkigute.
Gainera, egungo ebaluazio sistema basati honek, ikasleon gaitasunak ebaluatzetik at edota herriaren mesede egongo den unibertsitatearen mesedeei egokitu baino, ikasleon banaketa sistematiko besterik ez dakar. 3 egunetan burututako azterketa baten lortutako nota izango da etorkizunean gauza bat edo beste ikasteko aukera emango duen bakarra.
Inposaketa eta eraso hauen aurrean, urteetan zehar selektibitatearen kontra ikasleok darabilgun borroka ezinbestekoa da. Azken urteetan gainera, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek baxoa euskalduntzeko darabilten borroka eredugarria ekarri nahi dugu gogora.
Guzti honekin, aurten ere, ikasle eta abertzaleok selektibitatea eta baxoa bezalako azterketa arrotz eta basatiei gure ezezko borobilena eman nahi diegu. Curriculum espainol eta frantsesa, ebaluazio sistema bidegabea, hizkuntza arrotzak eta Euskal Herriaren mesedera ez dagoen azterketa oro salatu nahi dugu.
Guk gurea. Ikasleok euskal curriculuma!
Selektibitatea eta baxoari ez!
Ikasle Abertzaleak (IA)