Lau saioetan entzun dugunak ez du zerikusirik Euskal Herrian bizi dugun egoerarekin. Benetan bi errealitate ezberdinekin egin dugu topo azken egunotan: alde batetik, Auzitegi Nazionalekoa, betikoa, iraganean erroturiko diskurtso zaharkitua: dena ETA da, bestetik, Euskal Herrikoa, jaso dugun elkartasuna, jasotako animo mezuak, epaiketa politikoak egiten jarraitzea ulertzen ez duen jende mordoen galderak… Euskal Herritik baino harago ailegatzen den elkartasuna, Madrileko eta Torrejon de Ardozen lagunen eskutik. Aurrez aurre dauden bi errealitate: gatazka gainditzeko ahaleginetan gaudenona eta gatazka konpondu nahi ez duen Espainiako Estatuarena.
Atzo (astelehenagatik) bertan Rajoyk berretsi zuen “ez direla mugituko”. Eta Bateragune auzia dela eta, Auzitegi Gorenak eman berri duen epaiak bide horretatik aldentzeko asmorik ez dutela ematen du. Baina ez gara etsipenean eroriko. Gure delitu bakarra Euskal Herriaren alde, aldaketa politiko eta sozialaren alde eremu ezberdinetan lan egitea izan dela oso argi dugu. Horregatik, lasai gaude. Euskal Herrian ireki dugun prozesua geldiezina da eta eskubide zibil eta politikoen alde sortzen ari garen olatuek mugiaraziko dute Rajoyren gerraontzia. Ez izan zalantzarik. Kostatuko zaigu, baina oztopo guztien gainetik, Euskal Herria libre izatea lortuko dugu.
Horregatik, ostegunean, irribarretsu agertuko gara epaileen aurrean. Eta irri handiagoa erakutsiz bueltatuko gara Euskal Herrira, lanera, epaiketa politiko gehiago egon ez dadin, pertsona ororentzat eta proiektu politiko guztientzako eskubide guztiak lortu arte.
D3M-Askatasuna auzian epaitzen dabiltzan Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasleak Bilboko Branka agerkarian atzo argitaratutako artikulua