Sopelako San Pedro eta Larrabasterrako Karmen jaiak prestatzen buru belarri ari da tokiko jai batzordea. Aurten herritar guztion parte hartzea da erronka nagusienetariko bat, kideek aipatu dutenez. Bide honetan, ezin bestekotzat jotzen dute koadrilen inplikazioa eta, horretarako, jai egunetan zehar lagun-taldeen arteko lehiaketak egingo dituzte. Gauzak horrela, koadrilen ekarpenak jasotzeko eta egingo diren jolasak aukeratzeko, gaur, asteartea, asanblada irekia egingo dute. Hitzordua 19:00etan izango da, Jauregizar plazan. Gogoratzea aurrerago egingo diren deialdietarako eta erabakitzen dituzten ekintzez informatuak egoteko, bloga zabaldu berri dutela: sopelakojaiak.blogspot.com.es. Bide batez, gaurko batzarrean, ekainaren 2an ospatuko den V. Koadrilen Eguna ere prestatuko dute, elkartutako koadrila guztien artean. Argazkian, marmitako lehiaketa egin ohi dute Larrabasterrako Karmen jaietan / © Sopelako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!