Gaur egun, helduen arau heterosexuala posible den arau bakar, osasuntsu, normal eta legezko gisa aurkezten da eta gainerako aukerak errudun gisa agerrarazten dira, oraindik ere. Mendebaldeko sexualitatearen eskuliburua mugatuta dago, beraz, eta onargarritasun soziala, legitimitate morala eta legezko eskubideak galarazten dizkie gainerako sexu praktikei eta identitateei.
Egoera horren ondorioz, LGTB taldeen barruan ageri-agerikoa da jendaurrean adierazpen afektibo-sexualak egiteko beldurra. Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta transgeneroek askotan intimitatean eta sekretupean baino ez dituzte egiten adierazpen afektibo-sexualak eta identitatearekin lotutakoak, mendeetan zehar jasandako errepresioaren beldur.
Gaur egun, dibertsitate afektibo-sexuala eta genero-identitatean oinarritutako dibertsitatea oraindik ere tabu diren eremuetako bat kirolarena da. Besteak beste, egin nahi duten kirola aukeratzeko eta lanbide-sustapenerako mugak, talde barruko bazterkeria edo gizartean nabarmen uzten dituzten jarrerak jasaten dituzte LGTB pertsonek; heterosexualei eskatzen ez zaien diskrezioa eskatzen zaie gehienei, eta baldintza diskriminatzaileak ezartzen zaizkie bai amateur mailan bai profesional mailan kirola egiten jarraitu ahal izateko.
Kirolak balio hezitzailea, inklusiboa eta eredugarria izan dezakeela jakinda, eskola mailako kirolean, kirol federatuan eta kirol profesionalean orientazio sexual eta genero-identitate oro normalizatzeak daukan garrantzia nabarmendu nahi du Sopelako Udalak 2012an.
Horretarako, Sopelako Udalak manifestu hau aldarrikatzen du eta konpromisoa hartzen du, jarraian adieraziko diren premisak aintzat hartuta, Bizkaia bidezkoago eta berdintasunezkoago bat eraikitzeko:
- Herritar guztiak errespetatzea, haien orientazio sexuala eta genero-identitatea edozein dela ere.
- Pertsonen duintasuna eta osotasun fisikoa —estatuetako gobernuen legeen bidez bermatu beharrekoak biak— errespetatzea. Espazio publikoan eta, bereziki, kirolaren arloan ematen diren adierazpen homofobo, lesbofobo eta transfoboak irmotasunez kondenatzea.
- Mundu osoan erabat despenalizatzeko eskatzea, hori baita herritar guztien artean benetako sexu askatasuna eta berdintasuna egotearen seinale. Bereziki kondenatzea LGTB taldeko pertsonen aurkako heriotza zigorra oraindik ere sexu-askatasuna despenalizatu ez duten herrialdeetan, eta zigor horren aurka egitea.
- Transexualitatea despatologizatzeko eta DSM eta CIE psikiatriako eskuliburuetatik kentzeko eskatzea.
- Espazio publikoan eta bereziki kirolaren arloan egindako adierazpen afektibo-sexualen eta genero-identitateen ikusgarritasuna errespetatzea.
- Lanerako, kirola egiteko eta aisialdirako guneak erabiltzeko eskubidea bermatzea, sexuaren edo genero-identitatearen ondoriozko inolako diskriminaziorik gabe.
- Aukera sexual eta genero-identitate bakoitzaren irudi duina sustatzea komunikabideetan, bai eta agerraldi kulturaletan, sozialetan, artistikoetan eta, bereziki, kirolaren arlokoetan.
- Gizarte anitzago, ireki eta integratzaileago baten alde lan egiteko esperientziak eta jarrerak sustatzea, gizarte bat non orientazio sexuala eta genero-identitatea ez diren inorentzat oztopo izango.
- Sexualitate anitzerako bidea egitea, mitorik gabe, konparaziorik gabe, inposiziorik gabe, eta sexualitate askearen —aukera eta orientazio sexualerako eta genero-identitaterako askatasuna barne— aurkako jokabide guztien kontra egitea.
Sopelako Udala