Ez diogu meriturik kendu nahi euskara bere bizitzaren parte egitea lortu zuen lehendakari ohi bateri (nahiz eta izan zituen baliabideak kontuan hartutik, ez dugun uste adibide esanguratsua denik); Ibarretxek hizketaldia euskara zuzenean egin zuen, atzerriko zein Euskal Herriko jakintsuen aipu interesgarriak eginez eta esaera zahar ederrekin mezuak borobilduz. Hori ez dugu ukatuko. Bertaratu ziren askorentzat nahikoa izan zen etxerako bidea ahoan irribarrea zutela egiteko; horretara, Ibarretxe ikusi, entzun eta musukatzera hurbildu baitziren asko eta asko.
Baina horrek ez dauka zerikusirik Getxo euskaldun batean bizi ahal izateko, erakundeetatik zein herritik, elkarlanean, diseinatu beharreko plan estrategikoarekin eta aurrera eraman beharreko borrokarekin. Guraso elkarteetan, bertso eskolan, berbalagun taldean, euskaltegian, aldizkarian zein beste hainbat guneetatik, herria euskaratik eta euskaraz eraiki ahal izateko lan handia daukagu egiteko oraindik; argi ikus daiteke hori Euskara Zerbitzuak egin duen datu bilketan.
Neurri ausartak behar ditugu; motibazioa guztiaren oinarrian dago, baina horretarako ezinbestekoa dugu ezagutza. EAJk 30 urtez aurrera eramandako euskara politikaren bidez, %29 bakarrik dugu gaur egun euskaldun Getxon. A eta B ereduen gotorleku erreferentea izaten jarraitzen dugu. Etorkinen %0,4ª besterik ez dago eredu euskaldunetan derrigorrezko bigarren hezkuntzan. Udalak barnera zein kanpora begira, oraindik ez ditu hizkuntza eskubideak errespetatzen. Oso gutxi dira euskaraz erosteko aukera ematen diguten herriko dendak. Egitekoen zerrenda luzea da, luzeegia.
Horregatik, huts diezaiogun “izar famatuak” ekartzeari eta heldu diezaiogun gaiari behar bezala. Bildutik aurkezpenean botatako mezu batekin gelditu ginen: plana modu parte hartzailean egingo da. Ezinbestean izan beharko du horrela; herritarrek eta batez ere, euskaltzaleek, eraikiko baitute Getxo euskaratik eta euskaraz. Erakundeetatik lanean gaudenok, baliabideak euren zerbitzura jarri eta erraldoien aurrerapausoak emateko beharrezkoa den borondate politikoa erakutsi behar dugu. Eta eredu izan, zerbitzua euskaraz emanez eta udalekin elkarlanean diharduten eragile zein enpresei, euskararen erabilera exijituz.
Getxoko Bildu
bildu.info/getxo