Iban Zaldua eta Mikel Urdangarin arituko dira campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mai. 21a, 01:45

Astelehenean, goizeko 12etatik aurrera, Iban Zaldua idazleak eta Mikel Urdangarin kantariak "Poesiaren Bidea" inauguratuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko Leioa eta Erandioko campuseko Oteiza Plazan. Instalazio hori campuseko espaloietan barreiatutako 40 harlauzek osatzen dute. Horietan, Lauaxeta, Antonio Machado, Salvador Espriu, Rosaliia de Castro, Arthur Rimbaud, Lord Byron eta beste olerkarien poemak irakurri ahal izango dira hizkuntza anitzetan, hala nola, euskaraz, espainolez, katalanez, galizieraz, frantsesez eta ingelesez. Zalduak "Poesiaren aurka" manifestua irakurriko du, mundu garaikidean poesiaren paperaren gaineko gogoeta ironikoa. Bestetik, Mikel Urdangarin Zornotzako kantari eta bertsolariak poema batzuei musika jartzeaz gain, bere kanta arrakastatsu batzuk abestuko ditu. Unibertsitateak jakinarazi duenez, "Poesiaren Bidea" instalazioak "campusa adeitsuagoa egiteaz gain", bi helburu ditu. Lehena, poesiaren gaineko interesa zabaldu, eta campuseko kide guztiei "kuriositate intelektual eta literarioa piztea". Bigarrena, "campusean barrena ibiltzea askozaz entretenigarriagoa eta jostagarriagoa egitea". Ekitaldian Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Gidor Bilbao Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordeak eta EHUko zenbait ikaslek ere parte hartuko dute. Argazkian, Mikel Urdangarin / cc-by-nc-sa Saioa Cabañas - Gauilunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun