Larunbatean burututako Goazen Plazara! ekinaldiaren "arrakasta" azpimarratu du
lehen balorazioan
Herrira mugimenduak. Preso eta iheslarien aldeko eragileak azpimarratu duenez, ekimena "arnasaldia" izan da aurrera begira egin beharreko lanerako: "Oraindik bide luzea izan arren, iritsiko gara bi gobernuak (Espainiakoa eta Frantziakoa) mugitzera". 30.000 lagun inguru irten ziren Euskal Herriko plazetara presoen eskubideen alde, eta elkarretaratzeak ez ezik, askotariko jarduerak ere egin zituzten: mosaikoak, flashmob-ak, lipdub-ak, herri kirolak, herri lasterketak, erakusketak, bazkariak, zozketak… Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Algortan, manifestazioaren ibilbidean espetxeak eta bertan diren gatibu getxoztarrak kokatuz 17 herrikidek pairatzen duten sakabanaketa irudikatu zuten, ondoren 457 gizon-emakumek lagunduta, guzti horiek eta tokiko bost iheslariak plazara sinbolikoki eramateko. Itzubaltzeta / Romon eta Sopelan, ehun bat lagunek parte hartu zuten toki bakoitzean antolatutako egun osoko jardueretan. Urdulizen, berriz, 15 lagun izan ziren. Bitartean, Erandion, 75 herritarrek egin zuten mosaikoa Irailaren 23a plazan. Eta Leioan, dozenaka lagun batu zen Bulebarrean arratsaldez. Horretaz gain, Plentzian (43 lagun), Gorlizen eta Armintzan ere izan ziren bateratzeak. Argazkian, eskualdean Algortakoa izan zen ekitaldirik jendetsuena / public domain
Algortako Herrira.