Lantzarteko zelaiaren inguruan auzokideen zein alderdi politikoen iritziak eta proposamenak jasotzeko asmoz, eztabaida-gune edo foroa osatzea eskatu du gaur Dolores Malo de Molina Berangoko PPren bozeramaileak. Zinegotzi popularraren hitzetan, "oraindik orain
polemika iturria da bertan babestutako etxebizitzak eraikitzeko proiektua". Azaldu duenez, "eraikitzeko asmoz udal agintariek landaren erabilera aldatzea erabaki zutenetik hor egon da beti polemika". Aipatu aldaketa "modu ezegokian, proiektuaren kontrako planteamenduei muzin eginez, legeak agindutakoa errespetatu gabe eta inolako parte-hartze prozesurik gabe" egin zela kritikatu du gaurkoan Malo de Molinak. Gauzak horrela, hurrengo udal batzarrean, eztabaida-gune edo foroa osatzea eskatuko du mozio bidez Berangoko PPk, baita hori erregulatuko duen arautegia zehaztea ere. Argazkian, Lantzarteko egitasmoaren kontrako kartelak udal batzar batean.