
Azken egunotan Sopelan emakumeenganako erasoak gertatu direla zabaldu du tokiko
jai batzordeak. Horren aurrean, hainbat emakume zein gizon bildu dira gertakari horiei erantzun bat emateko. "Kontutan izanik jaiak gertu ditugula eta egun hauetan zehar, zoritxarrez, sexu erasoak ugaritzen direla, hauek ekiditeko ekimenak bultzatzea ere bada gure betebehar nagusienetariko bat; denon kontzientziazioan eragitea, gune beltzen seinalizazioa… ", azaldu dute Larrabasterrako Karmen jaiak eta Sopelako San Pedroak antolatzeaz arduratzen diren eragile eta norbanakoek. Horiek guztiek "ezinbestekotzat" jotzen dute guztien inplikazioa eta parte hartzea, "emakumeen eta gizonen parekidetasuna erdiesteko eta sexu erasoekin behin betiko bukatzeko". Hartara, Sopelako emakume taldeak egindako deialdia zabaldu eta bertan parte hartzeko beharra agertu dute. Hitzordua ostegun honetan, maiatzak 24, izango da 17:00etan, Kurtzio Kultur Etxean. Argazkian, Uribe Kosta eta Erandioko dozena pare bat emakumek eta jai batzordeetako kideek egin zuten agerraldia 2009ko ekainaren 27an, Sopelako San Pedro jaietan, eskualdeko herrietako festetan ematen diren irain, ukitze eta bortxaketa ugariak saihesteko neurriak aldarrikatzeko asmoz.