Euriagatik iragarritako hamar ikuskizun bertan behera gelditu baziren ere, ordezko guneak erabiltzeak aurreikusitako hainbat agerraldi eszenaratzeko aukera eman zuen, konpainiei baldintza egokiak eskainiz. Bukatu berri den azokak konpainiengan izan dezaken eragin ekonomikoa, bestalde, datozen egunetan nabarituko da sinatuko dituzten kontratuekin. Hala ere, "programatzaileak zein konpainiak ia erabateko poztasuna erakutsi dute", azpimarratu du Lopezek.
Sariak
Bestalde, igandean jakinarazi ziren 2012ko Umore Azoka sariak, Euskal Herriko eta kanpotik etorritako ikuskizun onenei. Sariak, orain arte egin den bezala, datorren urtean, XIV. edizioaren barne, emango zaizkie irabazleei. Horrela, 2012ko Umore Azoka Saria Euskadiko Ikuskizun Onenarentzat, Gaitzerdi Teatroren "Suz" (A fuego) ikuskizunari eman zaio, "antzezlan borobila eta sendoa delako osagarri tekniko zein artistikoei dagokionez". Halaber, 2012ko Umore Azoka Saria Euskaditik kanpoko Ikuskizun Onenari, La Passante konpainia frantsesaren "Rue des Dames" ikuskizunari eman zaio. Gainera, epaimahaiak aipamen berezia eman dio ATX Teatroren "Gnosia" lanari.
Leioako XIII. Umore Azokaren epaimahaia aditu hauek osatu dute: Carmen Blasco Alvaredo, Zaragoza Kulturaleko programazio burua; Jordi Durán i Roldós, FiraTarregako zuzendari artistikoa; Pau Ayet Cubero, Vila-Realeko Festival de Teatre de Carrer-eko zuzendaria; Carlos Gil Zamora, ARTEZ aldizkariaren zuzendaria eta antzerki kritikaria; Eduardo López Velasco, Medina del Campoko Kultur Programatzailea eta Espainiako Red Teatros-eko zuzendaritza batzordeko kidea; Javier Alcorta Ruiz 'Txortas', aktore, gestore eta antzerki pedagogoa, Araiako Umore Antzerki Jaialdiaren zuzendaria eta Andrés Beladiez Rojo, RESADen Eszena zuzendaritzan eta Dramaturgian lizentziatua.