Sopelako Udalak aurrekontuak jendarteratzeko egindako bileretan 120 auzokidek baino gehiagok parte hartu du. Tokiko erakundeak lau batzar antolatu zituen herriko lau auzo ezberdinetan: Sopelako herrigunean, Arriateran, Sopelmarren eta Larrabasterran. Bertan, Saioa Villanueva alkateak eta udal gobernuko gainontzeko zinegotziek aurrekontuak onartzeko prozesua nolakoa izan den azaldu zuten, lehenik eta behin. Horretaz gain, onartutako aurrekontu-proiektuaz aritu ziren eta eremu bakoitzak zenbateko diru-partida jaso duen. Udaleko eremu ezberdinetako aurrekontuak azaldu ostean, bertaratu ziren auzokide guztiek zalantzak argitzeko eta beraien auzoarekin lotura duten ekarpenak egiteko aukera izan zuten. "Horrela, udal ordezkariek zuzen-zuzenean sopeloztarrek egunerokotasunean bizi dituzten arazoak ezagutu zituzten", tokiko iturrien arabera. Argazkian, Arriaterako auzo-bilera / © Sopelako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!