Euzko Alderdi Jeltzalearen zuzendaritzak Iñigo Urkullu Renteria proposatuko du EAJk Lehendakaritzarako aurkeztuko duen hautagaia izan dadin. Gaur egindako bileran horrela onartu du, aho batez, Euzkadi Buru Batzarrak. Gauzak horrela, Iñigo Urkullu Renteria EBBren oraingo presidentea EAJk Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzarako aurkeztuko duen hautagaia izatea da alderdikide jeltzaleei helaraziko dieten proposamena. EAJren herrialde buru batzarretako bost presidenteek (Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Xabier Agirre, Manu Aierdi eta Txaro Goikolea), Pilar Garcia de Salazar EBBren idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea burukideak osatu duten batzordeak aho batez egin du proposamena eta EBBk proposamen hori berretsi egin du aho batez ere bai. Lehendakarirako hautagaia eta Eusko Legebiltzarkidegaiak aukeratzeko aukeraketa prozesua hurrengo egunotan hasiko da, eta uztailaren 5ean amaituko da, EAJren Aberri Batzar osoa bilduko den egunean. EBBren proposamena ez da loteslea baina sendi jeltzale nagusiak ados jarrita, nekez irudikatu daiteke gerra emango lukeen balizko hautagai alternatiborik. Argazkian, Iñigo Urkullu EAJko EBBren presidentea aurreko agerraldi batean / © Euzko Alderdi Jeltzalea.