Plentzia, Sopela eta Urdulizko gazteak "proiektu txikitzaileak" geldiarazteko batzea erabaki dute, "gaur egun gure eskualdeak eta orokorrean Euskal Herri osoak pairatzen duen egoera salatzeko". Horregatik, ekainaren 9an, larunbatarekin, hiru herrietako gazte asanbladek Lurralde Zati Planaren kontrako bizikletada egingo dute, "Gazteak mugitu, txikizioa gelditu" lelopean. Naturaren aldeko martxa horretan, tokiko neska-mutilez aparte hiru herrietako hainbat elkartek ere bat egin dute, erreleboen bitartez, martxan parte hartzeko. LZPren kontrako bizikleta martxa Plentziako Ermitatze gaztetxea zegoen tokian izango du irteera (ez dute ordua zehaztu). Hainbat errelebo egin ondoren, Barrikarantz abiatuko dira eta bertan ere hainbat elkarteek bat egingo dute bizikletadarekin. Hurrengo herria Sopela izango da eta tokiko gazteriak Sekeko gaztetxean hartuko du erreleboa, helmuga izango duten Urdulizeraino heltzeko. Bertan egun osoko egitaraua prestatu dute. Argazkian, 2010eko abenduaren 18an, 150 bat herritarrek egin zuten Lurralde Zati Planaren (LZP) kontrako martxa Getxoko Bentatik Azkorrira.