Lehenengo lapurreta larunbat goizean izan zen. Neguriko kale batzuetan zeuden hainbat autoetako atzeko leihatilek kalteak zituztela ikusi zuten udaltzainek. Hori dela eta, tokiko poliziek egoera horietarako aurreikusitako protokoloa jarri zuten martxan, zaindu beharreko inguruko gune estrategikoetan kalez jantzitako agenteak jarriz. Berehala ikusi omen zuten ustezko egilea eta, despistatzeko mugimenduak egitean, berarengana jotzea erabaki zuten. Arakatzen ari ziren unean gerriko poltsa batean polizia-bastoi hedagarria, bizarra kentzeko makina elektriko bat, GPS bat eta laban bat atzeman ei zizkioten. Hori dela eta, ondasunaren kontrako delitua egotzi eta Herritarren Segurtasuneko Legearen arabera salatu ere egin dute, polizia-bastoi hedagarria eramateagatik.
Igandean
Larunbat gauean zelatatze-neurriak mantendu ziren eta ez zen aipatutako ezaugarrietako lapurretarik izan Getxon. Hala ere, igandean, 06:30ean gaztea berriro ikusi zuten Itzubaltzeta / Romon. Mugimendu susmagarri batzuen ondoren, berarengana joan ziren eta zeraman poltsan balio handiko Nokia markako bi sakeleko telefono zeramatzan eta ez zuen nondik atera zituen azaldu, Udaltzaingoak dioenez. Hainbat ikerketen ondoren, bi telefonoen jabeak aurkitu zituzten. Bilboko bi auzokide ziren eta poliziei esan omen zieten bere autoen atzeko leihatilak apurtuak izan zirela eta bakoitzari eskuko telefono bana lapurtu zietela, baita dirua eta hainbat gauza ere. Hori dela eta, ondasunaren kontrako beste delitu bat egotzi zioten atxilotutakoari.