Hilaren 31ko greba bi orduko lanuztera mugatu du LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mai. 22a, 19:29

LAB sindikatuak hilaren 31rako alor publikoan deitutako greba bi orduko lanuztera mugatu du, ELA eta EILAS sindikatuek greba deialdia bertan behera uzten zutela iragarri ondoren, besteak beste, Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Hasiera batean, hiru sindikatu horiek eta ESKk elkarrekin egin zuten deialdia, baina desadostasunak medio, ELAk eta EILASek jarrera aldatu eta grebara ez deitzea erabaki zuten pasa den astean. Arantxi Sarasola LABeko ordezkariak gaur goizean Bilbon berretsi du sindikatua ez datorrela bat bi sindikatu horiek greba uztearekin, "zerbitzu publikoen aurkako erasoak hobera baino, okerrera egin duelako". Horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako greba deialdirako aldaketak iragarri ditu Sarasolak: 11:00etatik 13:00etara lanuztera deitu du LABek, eta goizean elkarretaratzeak eta arratsaldean manifestazioak egingo dituzte. Nafarroan, berriz, egun osoko greba deialdia mantenduko dute, ELAk eta EILASek egin zuten moduan. Sarasolak azaldu du LAB harremanetan jarri dela ESK sindikatuarekin, eta orain arteko informazioaren arabera, azken horrek bat egingo luke LABen proposamenarekin. Argazkian, 2010eko maiatzaren 25ean. Getxoko udaletxearen aurrean egin zuten eskualde mailako kontzentrazioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun