"Eskulangintza azokan parte hartuko dutenak kontu handiz aukeratu dira eta, hori dela eta, lortu da azoka anitza, aurten azokan parte hartzeko 330 eskabide jaso direlarik", azaldu dute kultur iturri getxoztarrek. Euskal eskulangileez gain, Aragoiko, Asturiaseko, Andaluziako, Kataluniako, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Madrilgo eta Valentziako partaideak ere egongo dira. Gainera, Italiatik eta Portugaletik etorritako artisauek parte hartuko dute eta, lehenengo aldiz, Japoniako eta Iraneko profesionalak ere izango dira. Azken horiek ekialdeko eltzegintza eta gamelu hezurrez eginiko eta estilo persiarreko akuarelaz margotutako objektuak eramango dituzte azokara.
Lehiaketak eta zozketa
Ohi bezala, lehiaketak ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua ere sarituko da diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horietan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten duten zozketa ere egingo da aurten eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.