Algortako San Nikolas parrokiak Jon Ugutz Larrinaga Etxebarria abokatu eta jeltzale ezaguna zenaren aldeko elizkizunak hartu ditu gaur, arratsaldeko 7etatik aurrera. Larrinaga pasa den igandean hil zen, Bilbon, 80 urte zituela. Algortako Uri Batzarreko partaidea izateaz gain, 1996 eta 1999 bitartean, algortarra Euzko Alderdi Jeltzalearen Justizia Nazio Auzitegiaren kidea izan zen.
"Deia" egunkariak gaur gogoratu duenez, Larrinaga futbolista eta dantzaria izan zen gaztetan, politikan EAJn eta mugimendu kristauekin aritzen zen bitartean. Lehenengo ikasketak jesulagunetan burutu zituen eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen ondoren. Karmelo Zamalloa Justizia Nazio Auzitegiaren presidentea izan zenaren ustez, Jon Ugutz Larrinaga "oso gizon ortodoxoa izan zen. Barne tirabirak bazeuden, inoiz ez zen sektore batzuen edo besteen alde jartzen". Ricardo Sanz erakunde bereko idazkariak azpimarratu duenez, "batasuna bilatzen zuen, alderdia indartzea. Bere jarrera oso positiboa zen". Azkenik, Gotzon Muneta Algortako Uri Batzarreko presidentea izan zenak ere maitasunez gogoratu du: "justua eta oso azkarra" izateaz gain, "nire lagun aparta" zen. EAJren Algortako Uri Batzarrak bere alderdikide,alderdizale eta herritar guztiei hileta-elizkizunetara deitu die, bere arimaren alde otoitz bat eskatuz. Argazkia: cc-by-nc-sa Basajaun.