Enplegu duinaren aldeko eta behin-behinekotasunaren aurkako manifestazioa antolatu du Iraupen Urdulizko langabetuen elkarteak. Aipatu taldeak salatu duenez, "langabezia tasa altua da udalerrian. Hori gutxi balitz bezala, sortzen ari diren lan aukeretan (Urdulizko ospitalea kasu), instituzioek azpikontratatutako enpresak kanpoko beste enpresa batzuk kontratatzen ari dira, kanpoko langileekin. Aldi berean, lan baldintza lotsagarriak, soldata baxuak, gehiegizko aparteko ordu kopurua... emanez; ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz". Bitartean, udalerriko langabetuak "egoera itogarrian" daudela nabarmendu du Iraupen elkarteak. Gauzak horrela, ekainaren 2an, larunbatarekin, manifestazioa egingo dute, 11:00etan Urdulizko udaletxetik abiatuta. Ildo horretan, erakutsitako babesa eskertu diete Udalari eta tokiko kultur eragileei. Argazkian, herrian lan egitea gura dute tokiko langabetuek / © Urdulizko Udala.