Ostiral honetan, maiatzak 25, Madrileko Vicente Calderon zelaian Athleticek eta Bartzelonak jokatuko duten Espainiako Errege Kopako finala dela eta, jarduera ezberdinak prestatu dituzte eskualdeko hainbat Udalek. Besteak beste, Sopelan, umeek puzgarriak, jolas erraldoiak, mahai-futbola, Athleticen txapa-tailerra eta euskal dantzen tailerra izango dituzte, 19:00etatik aurrera, udaletxeko plazan. Gainera, txikientzako erromeria izango da. Bestalde, 18:30etik 21:30era Ardoa Barrura fanfarrea ibiliko da Sopelako kale eta tabernetatik, bazterrak girotzen. Getxo udalerrian, berriz, pantaila erraldoi bi ipiniko dituzte: bata, Algortako Telletxe plazan; eta bestea, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenian. Gauza bera egingo dute Plentziako Jai Alai pilotalekuan, Atxiki taberna eta Udalaren eskutik. Leioari dagokionez, Kandelazubietan jarriko dute pantaila erraldoia. Eta Gorlizen, frontoian, txosna eta guzti, 19:00etatik aurrera. Argazkia: ©
Getxoko Udala.