
Etzidamu, larunbatarekin, "Hil arte bizi" antzezlana taularatuko du
Txalo konpainiak Sopelako Kurtzio kultur etxean, arratsaldeko 8:30ean. Obra tragikomiko horrek adiskidetasunaren mugen eta bizitzeko gogoen inguruan hausnarketa egiten du, ohiko maitasun triangelu baten istorio baten bidez. Aktore protagonistak Iker Galartza, Sara Cozar eta Joseba Usabiaga dira. Emanaldirako sarrerak sei euroren truke erosteko aukera egongo da. Aldez aurretik eros daitezke udaletxean, kultur etxean bertan zein Sopelarin Larrabasterrako udal bulegoan. Saioan zehar Natxo, Angel eta Maria izango dira ikusgai. Bi gizon eta emakume bat eta jakina... gutxienez pare bat maitasun istorio. Hiru lagun, betiko lagunak, betirako lagunak... edo ez. Zerbait gertatuko da. Larria izango da, beraien adiskidetasuna kolokan jarriko baitu. Txaloko kideek mahai gainean jarri dituzten galderak honako hauek dira: "Zer egingo zenuke zure bikoteak zure lagun onenarekin alde egingo balu? Biei barkatuko zenieke? Bietako bati? Zeini? Eta heriotza tartean bada... dena ezberdin ikusten da? Edozer barka zenezake maitasunagatik? Eta adiskidetasunagatik? Min egitea baino egia ezkutatzea hobea da? Zein da zure aukera? Hil arte bizi." Hil arte bizi heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia. Argazkia: © Txalo.