Metro Bilbaoko langileek atzo aztertu zuten astelehenean garraio enpresako zuzendaritzak eta greba batzordeak lortutako aurre-akordioa. LAB, ELA, CIM, UGT eta ESK sindikatuek gaur egindako agerraldian azaldu dutenez, beharginek %86,5ak baiezkoa eman zion proposamenari eta “behingoz, gatazka lan arlokoa izan dela eta ez politikoa” baieztatu da. Era berean, “auziaren amaiera langileek aldarrikatzen zuten bezala amaitu” dela plazaratu dute Uxune Iriondok eta Rafa Valencia greba batzordeko bozeramaileek. Pozik daude akordioarekin baina zapore “gazi-gozoa” utzi die “galdutako” denbora guztiak. Beraien ustez, “akordioa aspaldi lortu” zitekeen, “mobilizazioak, salaketak edota langileek jasandako kriminalizazioa saihestuz”. Aurreakordioari dagokionez, gatazkaren bost puntuak eta gehitutako bi klausula lantzen dituela esan dute. Lehenengoa sindikatuak eta zuzendaritza hilean behin biltzeko proposamena da eta besteak dio akordioa lortzen lagundu duten Lan Harremanen Kontseiluko pertsonengana jotzeko aukera dagoela gaizki ulertuak argitzeko. Argazkian, gaurko agerraldia / ©
LAB Metro Bilbao.