Leioa, Basauri eta Bilboko lagun banari jabetza industrialaren kontrako delitua egotzi die Ertzaintzak, Athletic Club futbol taldearen faltsututako jantziak banatu eta saldu dituztelakoan. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, talde zurigorriak berak aurkeztu zuen salaketa, Leioako saltoki batean aipatu artikuluak saltzen ari zituztelakoan, legezko baimen barik. Gauzak horrela, astelehenean denda arakatzera joan ziren ertzainak eta, Herrizaingo Sailak adierazi duenez, faltsututako ehun kamiseta, bufanda, kapela eta beste hainbat produktu baino gehiago kendu zituzten erakustokietatik. Saltokiaren jabeari jabetza industrialaren kontrako delitua egotzi diote. Halaber, Basauri eta Bilboko handizkako merkataritza bi enpresatako nagusien kontra ere salaketa aurkeztu dute. Saltzaile leioaztarrak aipatu bi lagunen gainean jarri du iruzurraren erantzukizuna. Argazkian, hainbat zaletu zurigorri.