Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “legegintzaldi honetan azken bultzakada emango diegu lurren kudeaketari eta indarrean dagoen plangintzak aurreikusten duena betez hiri-lurzoruan babestutako etxebizitzen eraikuntzari. Eta horretan dihardugu Udaletik era zuzenean eginez edo Eusko Jaurlaritzarekin edo sustatzaile pribatuekin elkarlanean. Esan dezakegu gaur egun 250 etxebizitza inguru ari garela egiten Alangon eta Ormazan”.
Bete beharrekoak
Etxebizitza horietako bat lortu ahal izango dute Etxebiden 2012ko martxoaren 28a baino lehen (behin-behineko BOE kalifikazioa jaso duen eguna da) Getxon erosteko aukera ematen duen babes ofizialeko etxebizitza baten eskatzaile gisa alta emanda dutenek. Gainontzeko baldintzei dagokienez, eskatzaileak ez du etxebizitzarik jabegoan eduki behar eta Getxon erroldatuta egon beharko du aipatu data berean, gutxienez 3 urteko etengabeko antzinatasunarekin edo 5 urtez azkeneko 10 urteotan. Diru-sarrerak, gehienekoak eta gutxienekoak, Eusko Jaurlaritzaren araudiaren arabera ezarriko dira 2011 erreferentzia gisa hartuz: 9.000 eurotik 39.000 eurora artean. Eta pertsona desgaituen kasuan, gutxieneko diru-sarrerak 3.000 eurokoak izango dira.