Hamaika Telebistako "Berbaz" saioak mahai-inguru berezia prestatu du gaur gauerako, Hego Euskal Herriko azken udal eta foru hauteskundetatik urtebete pasa denean. Hori dela eta, Nagore Uriartek gidatutako saioan
Imanol Landa Getxoko alkate jeltzalea, Saioa Villanueva Sopelako alkate, Bildu koalizioko kide independentea zein Xabier Olabarrieta Leioako zinegotzi popularra solasean arituko dira, gaueko 10etatik aurrera, udalerrien eta batzar nagusien egungo egoera aztertzeko asmoz, Hamaika Telebistak sare sozialetan aurreratu duenez. Bestalde, ondoren "Bat eta Bat" saioa ikusi ahal izango da. Bertan, Athleticen prestaketak Errege Koparen finalari begira, Larrabetzuko Literaturia jardunaldiak, Gernikako Akordioa osatzen duten alderdien proposamen sozioekonomikoa, Sorturen helegitea eta eguneko bestelako albiste esanguratsuez gain, Lurdes Imaz EHIGE gurasoen elkarteko kidea elkarrizketatuko dute. Argazkian, Imanol Landa.