Getxoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen atzo, igandea, genero indarkeria delitua egotzita. Gertaera goizaldeko ordu biak aldera izan zen. Udal iturriek zabaldutakoaren arabera, ordu horretan emakume bat Udaltzaingoaren egoitzan agertu zen, eztabaida baten ondoren bere bikotekideak jo egin zuela adieraziz. Poliziek emakumeak hainbat kalte zituela ikusi eta kasu horietarako aurreikusitako protokoloa indarrean jarri zuten. Beste patruila bat Algortako etxebizitzara hurbildu zen eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zuen. Behar diren dilijentziak bete ondoren, akusatutakoa epailearen esku utzi dute. Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak gertaera gaitzetsi eta gogoratu du “indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela. Aldi berean, tratu txar fisiko edo psikiko jasaten dituzten emakumeak Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jotzera animatu ditu, "bertan egoera horretatik ateratzeko laguntza emango baitiete". Eigurenek gogoratu du Udaltzaingora (944 660 202) edo Erizaintzara (944 063 420) ere joan daitezkeela; baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono zenbakira (900 840 111) eta SOS Deiak (112) zerbitzura deitu ere. Argazkian, emakumeenganako erasoen kontrako kontzentrazioa Algortan.