Ohi denez, azokak aniztasunaren aldeko apustua egin zuen aurten ere. Horrela, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Arabatik eta Nafarroatik etorritako eskulangileez gain, nazioarteko partaideak izan dira, hala nola Aragoi, Asturias, Andaluzia, Herrialde Katalanak, Leon, Galizia, Gaztela, Portugal eta Italia. Halaber, lehenengo aldiz, Japoniako eta Irango profesionalak ere izan dira eta ekialdeko eltzegintza eta gamelu hezurrez eginiko eta estilo persiarreko akuarelaz margotutako objektuak ekarri zituzten azokara.
Gastronomiaren Guneari dagokionez, bisitari ugari izan ditu. Bertan 14 postu egon dira eta bisitariek gozokiak, ogiak, ahatekiak, txokolateak, jatorrizko deitura duten gaztak eta garrapiñatuak erosteko aukera izan dute, besteak beste.
Lehiaketak
Aurten, diseinu eta stand lehiaketetan, saltokien dekorazioa eta produktuen diseinuko berrikuntza saritzen dituzten ekimenak, hain zuzen ere, Lugoko, Irango, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskulangileak atera dira irabazle.
Diseinu Lehiaketan, Idoia Cuesta Alonsoren Cesteria Contemporanea Outerio de Rei-ko (Lugo) landare zuntz eta ehun tailerrak irabazi zuen lehenengo saria, feltroz eginiko saskiaz baliatuta. Pieza hori egiteko, tradiziozko teknikak eta ikuspegi berritzailea uztartu zituen. Bigarren saria Reza Baharlouk, Salamancan bizi den eskulangile irandarrak, eskuratu zuen, gamelu hezurrez eginiko eta motibo persiarreko akuarelaz margotutako kutxatila bati esker.
Stand Lehiaketari dagokionez, Leire Fernandez de Rementeria eskulangilearen Lefne ehun tailer bilbotarra atera zen irabazle eta bigarren saria Oreretako Juan Carlos Alvarez Aguado jostailugilearen El taller de los juegos tailerrarentzat izan zen.