Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano gatibu algortarra absolbitu ditu orain gutxi Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak. Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileek osatutako tribunalaren ustez, "ez dago akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk". Fiskaltzak, ordea, aipatu erabakia errekurritzea erabaki du,
EFE albiste agentziak zabaldu duenez, aipatu magistratuek "oker bat" egin dutelakoan. Goikoetxea eta Cotano apirilaren erdialdean epaitu zituzten aipatu auziagatik. Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakera egotzita, bakoitzarentzat 44 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak. Baita 40.000 euroko kalte ordaina ere, lehergailuen indargabetze lanetan artezilarietako bat zauritu zelako. Argazkian, "Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren apirilaren 12an arratsaldean Algortako Telletxe plazan, epaiketa salatzeko.