Berangoko Udalak martxoko osoko bilkuran onartu zuen behin-behinean gazte-lokalei buruzko araudia eta maiatzaren 31ra arte dago alegazioak aurkezteko epea.
Bilduk salatu duenez, "herriko gazteei baldintza oso gogorrak" ezarri dizkie aipatu ordenantzak. Besteak beste, ondokoak zerrendatu ditu koalizio ezkertiarrak: lokalak ezin izango ditu 50 metro koadro baino gehiago izan; lokalean ezin izango dira 15 neska-mutil baino gehiago batu, eta gainera, zerrenda bat eman beharko diote Udalari euren izen-abizenekin; erantzukizun sozialeko gutxienezko 100.000 euroko segurua izan beharko dute; Udalak lokala ikuskatzeko aukera izango du; atari bakoitzean lonja bakarra egongo da; astean zehar lokalak 22:30ean itxi beharko dira, eta bariku eta zapatutan, aldiz, 23:30ean; 3.000 eurotara heltzen diren isunak aurreikusten dituzte; eta azkenik, isunaren diru-kantitatea alkateak erabakiko du. Berangoko Bilduren ustez, "helburu bakarra" du araudiak: "kale gorrian uztea". Halaber, ordenantza "aldebakartasunez" onartzea egotzi diote EAJri: "aldeen iritzia kontuan hartu barik: lokal hauek erabiltzen dituzten gazteon iritzia, lokalen jabeena eta auzokideena". Argazkian, lonjen inguruan Berangon egindako batzar bat / cc-by-sa Bildu.