Ermitatze gaztetxean identifikatutako sei laguni ia 40.000 euroko isuna jarri nahi diete

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mai. 30a, 20:57

Ermitatze gaztetxea hustu eta ia urte betera proiektu horretan parte hartu zuten edo babesa erakustera hurbildu ziren sei gazte epaitu eta zigortu nahi dituztela zabaldu du Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanbladak (PGGA). Tokiko neska-mutilek azaldu dutenez, orain dela hilabete inguru, zentro sozialean identifikatuta izan ziren sei gazteen aurkako epaiketa irekitzeko aukera helarazi zieten Getxoko epaitegitik etxearen jabeei, eta haien erantzuna baiezkoa izan zen. Fiskaltzak egun bakoitzeko 12 euroko eta jabeek 36 euroko zigorra eskatzen diete sei hilabetetan zehar. Hau da, pertsona bakoitzeko 2.196 euro Fiskaltzak eta 6.588 euro etxeko jabeek. PGGAkoek adierazi dutenez, epaiketen gainetik gaztetxearen alde lanean jarraituko dute. Halaber, epaiketaren aurka agertzera eskatu diote Udalari, "oraingoan distantziakidetasunak ez duela balio" ohartaraziz. Azkenik, etxearen jabeei epaiketa bertan behera utz dezatela eskatu diete. Argazkian, ertzainek eta udaltzainek goizean Ermitatze gaztetxea hustuarazi ostean, berrehun bat uribekostarren babesa jaso zuen 2011ko abuztuaren 8an arratsaldean Plentzia eta Gorlizko gazte asanbladak.

Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanbladak zabaldutako oharra:

Kaixo lagunok,

Oraingo honetan ere, zaharrak berri bilakatu dira. Ermitatze gaztetxea hustu eta ia urte betera proiektu sozio-politiko-kultural horretan parte hartu zuten edo babesa erakustera hurbildu ziren 6 gazte epaitu eta zigortu nahi dituzte. Orain dela hilabete bat inguru, Getxoko epaitegitik etxearen jabeei (Inmaculada Uriarte Elortegui, Mª Nieves eta Marina Uriarte Argiarro) Ermitatze gaztetxean identifikatuta izan ziren 6 gazteen aurkako epaiketa irekitzeko aukera helarazi zien, hauen erantzuna baiezkoa izan da. Hortaz, fiskaliak egun bakoitzeko 12 euro, eta jabeek 36 euroko zigorra eskatzen digute 6 hilabeteetan zehar. Hau da;

Pertsona bakoitzeko: 2196 euro (Fiskaltzak) x 6 = 13.176 euro

6588 euro (Etxeko jabeek) x 6= 39.528 euro

Gu jabeekin hitz egiteko beti prest egon gara, akordioetara heltzeko, argi bageneukan ere etxearen jabe legalak eurak zirela. Guk hutsik zegoen etxe bati erabilpen soziala eman nahi genion. Halaber, jabeek etxeari inolako funtziorik emateko asmorik ez zuten bitartean bertan egongo ginen, eta behin etxearekin zerbait egin nahi izango zutenean joango ginen inolako arazorik jabe. Hau aurrera eramateko hainbat proposamen legal eskaintzen genien.

Atzo gaur bezala, jabeen elkarrizketarako eta akordioetara heltzeko borondate eza agerian gelditu da. Are gehiago, zigor eskakizunen desproportzionaltasunak euren diruzaletasuna agerian uzten du. Plentzia eta Gorlizko gazteen kosta aberastu nahi edo? Zergatik eskatzen diguzue “eraikinean egindako kalte materialak ordainaraztea”?, Ermitatzetik pasatu ziren pertsona guztiek ongi badakite (zuek barne), eraikuntzaren egoera fisikoa bertan egon ginen hilabeteetan zehar hobera joan zela egindako obrari esker!!!! Akaso, ez diguzue inoiz barkatuko etxearen degradazioa geldiarazi izatea?!!!!! Hori izan baita zuen benetako asmoa, legalki etxearen egoera oso txarra izan arte ezin baituzue bota eraikuntzaren kokapenagatik eta urte kopuruagatik. Horren ostean, zoruaren birkalifikazioa... zaharrak berri!!!!

Horretaz gain, fiskalaren zigor eskakizunak nahiz eta bestearekin alderatuta txikiago dirudi, bi asmo argi usten ditu. Alde batetik, irmotasun osoz espekulazioa eta etxe hutsen egoera modu konstruktiboan salatu nahi dituzten gazteak gogor zigortu nahi ditu, egoera berriz ez birproduzitzeko. Beste aldetik, gaztetxeari babesa erakustera hurbiltzen diren pertsonengan izua eta beldurra eragiteko asmoa dauka.

Justizia, bakarrik boteredunentzako. Plentzia eta Gorlizko 6 gazteon aurkako epaiketa egunero sistema honetan ematen diren bidegabekeriaren isla besterik ez da. Hainbat familia utzarazten dituzten bitartean, bankuei diru laguntza publikoak ematen dizkiete, krisia sortarazi duten pertsonak zigortu beharrean haien poltsikoak berriz ere diruz beteko duen lan erreforma ezartzen dute eta espekulatzaileak zigortu beharrean, espekulazioaren aurkako ahotsak zigortu nahi dituzte...

Sistema kapitalista honen bidegabekeriaren lista amaiezinak inoiz baino ozenago eramaten gaitu aldarrikatzera gaztetxearen beharra beste jendarte eredu bat eraikitzeko lanabes gisa. Beraz, hurrengoa adierazi nahi dugu:

- Gaztetxearen alde lanean jarraituko dugula epaiketen gainetik.
- Udaletxeari epaiketaren aurka agertzera eskatzen diogu, oraingoan ekidistantziak ez du balio.
- Azkenik, Inmaculada Uriarte Elortegui, Mª Nieves eta Marina Uriarte Argiarro andereei epaiketa bertan behera utz dezatela eskatzen diogu.

Gaztetxeen aurkako epaiketarik ez!
Gaztetxeak aurrera!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun