Leioako Bilgune Feministaren oharra
Oraingoan berri txar batekin gatoz.
Asteburu honetan Leioan emakume bat bortxatu egin dute. Pasa dan astean emakume bat erail zuten Deustun. Nazkatuta gaude! Eta ez dugu eraso sexista gehiagorik onartuko.
Berriro ere emakume baten ahotik ateratako "EZ" hitzaren esanahia ulertzen ez duen munstro bat. Baina argi geratu dadila ez dela erantzunik edo ondoriorik gabeko erasorik egongo.
Indarkeria honen adierazle bortitzena dugu hau. Botere sistemaren, sistema patriarkalaren adierazle bortitzena, baina ez bakarra. Eskolan, jaietan, herrian, lanean... beti gara bigarren mailako hiritarrak.
Beldurra. Hau da emakume ororen erantzun normala. Baina ez gara horretan gelditu behar. Beldurrari aurre egin behar diogu, elkartasunez, kontzientziaz eta indarrez. Emakume bat erasotzen duten bakoitzean, emakume guztiak gara erasotuak eta erantzuna ere kolektiboa izan behar du. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko orduan, emakumeok izan behar gara aitzindariak, baina jakinda jendarte guztiaren arazoa dela.
Leioako Bilgune Feministatik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu eraso sexista hau jasan duen emakumeari. Era berean, dei egin nahi diegu Leioako hiritarrei, benetako berdintasunaren alde, elkarrekin borroka egin dezagun eta instituzioei bereziki, jendartearen erdiari eragiten dion arazo honen aurka esku hartze handiago izan dezaten.
ERASO BERRI HAU SALATZEKO: KONTZENTRAZIOA DEITU DUGU
EGUNA : Ekainak 1, ostirala
ORDUA : 19:30
LEKUA: BOULEBARD
"Asteburu honetan Leioan emakume bat bortxatu egin dute". Horrela zabaldu du bertako Bilgune Feministak komunikatu labur baten bidez. Sexu eraso hori, gainera, ostiralean Deustun auzokide batek Mirella Sierra zena erail eta gutxira izan zen, ostiraletik larunbaterako gauean. Talde feministak "elkartasun osoa" adierazi dio sexu erasoa pairatu duen emakumeari eta herritar guztiei dei egin die "benetako berdintasunaren alde" agresio berri horri erantzuna eman eta sala dezaten. Horretarako, elkarretaratzea deitu du biharko, ostirala, herriko bulebarrean, arratsaldeko 7:30ean. Feministek azaldu dutenez, "berriro ere emakume baten ahotik ateratako 'ez' hitzaren esanahia ulertu ez duen munstro bat" agertu da, bortxatzaileari erreferentzia eginez, baina emakumeek pairatzen duten indarkeria gehienetan maila horretaraino heltzen ez bada ere uneoro jasaten dute, eskolan, jaietan, herrian, lanean eta abarretan, "sistema patriarkalaren" eraginez. Hori dela eta instituzioei dei berezia egin diete, "jendartearen erdiari eragiten dion arazo honen aurka esku hartze handiago izan dezaten". Argazkian, neskato batek sexu erasoa pairatu izana salatzera 120 leioztar irten ziren kalera pasa den abenduaren 13an.