Pasaden irailean, Ertzaintza Errekaldeko Kukutza III gaztetxea indarrez hustu ostean, gune askeari babesa adieraztera gerturatu zen jendearen kontra oldartu zen. Hainbat zauritu eta atxilotu izan ziren, eta, horren ondorioz, zauritu askok salaketa jarri zuten Bilboko epaitegian Ertzaintzaren "gehiegikeria" salatzeko asmoz. Salaketetatik bat behintzat onartua izan zen eta Uribe Kostako lagun baten atxiloketan ibili ziren ertzainek falta-epaiketa izan zuten atzo eguerdian Bilboko Instrukzioko 10. zenbakiko epaitegian, gazteari tinpanoa kolpeka zulatu izana egotzita. Kukutzako zein BOMeko lagunak bertara gerturatu ziren “poliziaren bortizkeria” salatzeko eta “elkartasun adierazpenak kriminalizatzeari uztea exijitzeko”, Bilboko Branka agerkari digitalak zabaldu duenez. Halaber, epaitegi aurrean Iñaki Karro Kukutzako abokatuak, Carlos Hernandez SalHaketako kideak eta Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak hartu zuren hitza. Karro eta Hernandezen esanetan, hainbat izan ziren Errekaldeko istiluetan poliziaren aldetik erasoak jasan zituzten pertsonak; 75 lagunek dokumentatutako erasoak izan zituzten. Horietatik 23k salaketa jarri zuten; 29 parte judizial egon ziren eta beste 23 larrialdietako parteak izan ziren. Argazki eta testigantzen bidez 29 eraso gehiago ezagutu zituzten eta guztira 104 pertsonak kalteak jasan zituztela gogora ekarri dute. Argazkian, 2011ko irailaren 21ean, Ertzaintzak indarrez hustu zuen Kukutza III Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea / © Bilboko Branka.