Duela 8 urte baino gehiago hasi ziren Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideek
"Sua" XVII. mende hasieran Lapurdin izandako inkisizioan oinarritutako filma egiten. "Pelikula hau herri mailan eta era amateurrean egin da, batere baliabide eta diru laguntzarik gabe, guztia jendearen eskuzabaltasunaz landuta. Gutariko inor ez da mundu honetan aditua, baina ederki pasa dugu film hau grabatzen, Euskal Herri guztian zehar egin ditugularik grabaketak eta 700 lagunetik gora parte hartu duelarik", azaldu dute arduradunek. Zatietako batzuk Uribe Kostako hainbat parajetan grabatu dituzte eta eskualdeko lagunek ere parte hartu izan dute. Orain estreinatzeko garaia da. Hasteko, eta "proiektuaren oinarriari jarraikiz", aurre-estreinaldi jai bat egingo dute bihar, larunbata, 16:00etatik aurrera, Arabako Ozaeta herriko Otaza auzoan, Garaion NaturArtean, hain zuzen. Ondoren afaritxoa, filmaren estreinaldia, eta amaitzeko kontzertutxo bat eta DJ Bull izango dituzte jai-akelarrea animatzeko. Argazkian, filmaren pasarteetako bat.