
Ertzaintzak 25 eta 43 urte bitarteko bost gizonezko atxilotu ditu bart istilu batean parte hartu izana leporatuta. Era berean, aurpegian eta buruan zauriturik suertatu diren bi pertsona anbulantziaz eraman behar izan dituzte arreta medikoa jasotzera.
Herrizaingo Sailak zabaldu duen bertsioaren arabera, gauerdi aldera Sos Deiak zerbitzuak hainbat dei jaso du Erandiotik. Auzokideek Erandioko herriguneko oinezkoentzako kale batean zegoen gizonezko talde baten jarrera salatu ei dute. Lekukoen arabera, gizonezkoek terrazetan zeuden bezeroen aurka aulkiak, basoak, botilak eta beste objektu batzuk botatzen aritu dira. Bertsio ofizialarekin jarraiki, ertzainak bertaratu eta berehala sesioan zebilen talde bat banatu dute eta bi zaurituentzako anbulantzia eskatu. Lekukotasunak bildu dituzte eta horien arabera terrazen aurkako erasoa inolako abisu edo arrazoirik gabe burutu dute bost gizonezkok. Kalea hankaz gora zegoela ikusita, ustezko bost gaizkileak atxilotu eta ertzain-etxera eraman dituzte, epailearengandik pasatzeko zain.