Orduan, ur laginak analizatzera bidaliko zituela agindu zuen Gobelak kaltetutakoen elkarteak, baina nitratoak, beruna, artsenikoa, kadmioa eta metal astunak egongo zirela aurreikusi zuen. Horren aurrean, Arturo Aldekoa Bizkaiko Batzar Nagusietako PPren ordezkariak Gobelan eta bertan elkartzen diren erreketan egon zitekeen kutsaduraren gaineko informazioa eskatu zion Aldundiari, Getxo eta Leioako antzinako zabortegietatik irten zitezkeen lixibiatuen beldur. Izan ere, zabortegian utzitako hondakinetan barrena iragazten den eta hartatik jariatzen den edo hark bere baitan duen likidoa da lixibiatua.
Aldundiaren erantzunak "aho bete hortz eta kezkatuta" utzi ditu popularrak, hauek zabaldu dutenez. Ingurumen Sailak aitortu legez, Gobelako hiru gunetan egin dituzte ikerketa fisiko-kimikoak eta biologikoak, baina haietan ez da bilatu artseniko, lindane edota metal astunik, "Getxoko eta Lleuri II-Zuazoko (Artea merkataritza gunea) antzinako zabortegien inguruetan topatzea espero daitezkeen gai kutsakorrak", Andradek ziurtatu duenez.