Keltse Eiguren Ingurumen Arloko zinegotziak bere poztasuna agertu du, beste behin, lortutako bi sariengatik: "hauen bitartez gure hondartzen kalitatea, eta baita Udala, udalerri iraunkorrago bat lortu aldera, egiten ari den lana ere aintzat hartzen direlako. Gure hondartzak guztien on dira, gero eta ahulagoa den herri eremua osatzen dute, eta horregatik, horiek zaindu beharra dugu, eta horiek errespetatzen eta partekatzen ikasi behar dugu".
Azkorriko hondartzak 1992an lortu zuen bandera urdina lehenengo aldiz eta horrez geroztik, aurtengoarekin, 19 bider eskuratu du (salbuespen bakarra Prestigeren isurketek eragin zuten). Hondartzaren ezaugarri bereziengatik garrantzi nabarmena du ingurugiroko ikuspuntutik, alde batetik dunen ekosistemagatik eta bestetik, bere hondar-lurzoru bigunean Euskal Herrian bizi den apo lasterkariaren (Bufo calamita) bi populazioetako bat bizi delako. Ereagako hondartzan, ordea, bosgarren urtez izango da bandera urdina (aurrekoak 2006, 2007, 2010 eta 2011an izan ziren).
ISO ziurtagiria
Bestalde, Getxoko Udala ADEAC-FEE erakundeak Arrigunagako hondartzari Bandera Urdina ez emateko arrazoien azalpenaren zain dago. Hondartza horrek, aipatu bereizgarria eskatzeaz gainera, Kalitatearen ISO 9001:2008 eta Ingurumenaren ISO 14001:2004 ziurtagiriak berresteko bidean da. Gogoratu behar da bai Arrigunagak bai Ereagak 2009an lortu zituztela ziurtagiri horiek lehendabiziko aldiz.
ISO ziurtagiriekin bete nahi diren helburuak, honako hauek dira: hondartzak baldintza higieniko-sanitario egokiekin erabili ahal izatea, erabiltzaileen segurtasun, higiene eta osasuna bermatuz, zerbitzuak eskainiz, etab., eta aldi berean, ekosistema hauetan egiten diren jardueren eragina txikiagotzea, ingurumenaren joera etengabe hobetzea bermatzeko.