Biolentzia matxistaren kontrako jokabide-prozedura abiatu du Sopelak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 8a, 19:25

Sopelako Udalak eraso fisiko eta sexu askatasunaren kontrako egiazko eta egiaztatutako biolentzia kasuen kontrako jokabide-prozedura eratu du. Udal Gobernuak egin du prozedura sortzeko proposamena, eta Sopelako udal bilkuran ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez onartu dute. Prozedura egoera bitan martxan jarriko da. Alde batetik, bikote edo bikote-ohi batek emakume bat erasotzen duenean, eta eraso fisiko larriaren ondorioz, Ertzaintza, Osakidetza edota Udaltzaingoak parte hartu behar izan duenean; eta beste aldetik, emakume bat sexu-eraso baten bidez erasotua izaten denean. Prozeduraren arabera, Sopelako Udal Gobernuak emakume baten kontrako eraso bat gertatu dela jakin bezain laster, udalerriko gainontzeko talde politikoei gertutakoaren berri emango die. Horretarako, salaketa Getxoko epaitegian onartua izan beharko da, eraso hori tratu txar fisiko edo sexu-eraso baten ondorioz gertatu dela ziurtatuz. Argazkian, eskualdeko feministen agerraldi bat Sopelan.

Horren ostean, udal talde politiko guztiek erasoa gaitzesten duen Adierazpen Instituzionala onartuko dute, eta Udal Gobernuak egokiak iruditzen zaizkion ekimenak antolatuko ditu (kontzentrazioa, manifestazioa, bilera edo bestelakoak). Ekitaldi horietan gutxienez Udal Gobernuko ordezkari politiko batek zein gainerako talde politikoen ordezkari banak parte hartuko dute. Halaber, Udalak biktimei Uribe Kostako Mankomunitateko Zerbitzuetako baliabideak eskuratzen lagunduko die.

Autodefentsa feminista ikastaroa

Bestalde, ekainaren 23an Kurtzio kultur etxean emakume eta neskei zuzendutako autodefentsa feminista ikastaroa izango da. Ikastaroa goizez eta arratsaldez egingo dute (10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era). Era berean, mutil eta gizonentzat maskulinitate tailer bat ere eskainiko da. Izena emateko eta argibide gehiago jasotzeko: ukberdintasuna[abildua]gmail.com edo 946 579 282 telefonora dei daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun