Aspalditik datorren arazoa bada ere, unibertsitatera doazen autobusek emandako zerbitzua nahikoa ez dela dioten kexak gero eta gehiago dira. Izan ere, Uribe Kosta osoan campusera doazen autobusak Getxotik zein Areetatik baino ez dira irteten; gainontzeko herriek ez dute campuserako lotura zuzenik.
Garraio publiko bidez campusera igo nahi duten Sopelako biztanleek, metroa hartu behar dute Bidezabal, Algorta edo Areeta geltokietaraino, eta bertan, autobusez campusera igo. Garraio aldaketa hori korapilatsua izateaz gain, garesti irteten da erabiltzaileentzat, metroko urteko txartelak ez baitu autobuserako balio. Gainera, eskolarik ez dagoen egunetan, nahiz eta unibertsitatean beste ekitaldi batzuk egon (ikastaroak, administrazio lanak, tutoretzak, ikerketak, liburutegi zerbitzua...), Getxotik irteten diren lineek (2162 eta 2164) ez dute zerbitzurik betetzen. Bere zerbitzua erdira mugatuta (orduro), Areetako linea (2161) da dagoen bakarra.
Gauzak horrela, erabiltzaileak kexu dira, ordu bete baino gehiago behar izaten dutelako Sopelatik Erandio eta Leioako campusera heldu ahal izateko. Horrek guztiak, ondorio tamalgarri batera daramatza: campusean aparkaleku arazo larria dagoen arren, herri hauetatik guztietatik bertaratzeko kotxea da ibilgailurik merkeena eta erosoena.
Beraz, Sopelako Udalak arazo horri erantzuna emateko eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari, jarraikortasuna izango duen garraio publikoa bultzatuz, eta zerbitzu eraginkorra bermatuz.