Getxoko Udaltzaingoak gidari bat atxilotu zuen herenegun, asteazkenean, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egitea leporatuta. Gainera, bertsio ofizialaren arabera, "zirkulazio istripu bat eragin eta alkoholemia frogan positibo eman ondoren" hartu zuten atxilo. Gertaera arrtsaldeko 5:20ak aldera izan zen, Udaltzaingoaren Gune Koordinatzailean Asuako Errepidean izandako bi autoren arteko talkaren berri ematen zuen deia jaso zutenean. Polizia patruila batzuk bertaratu ziren eta han istripua eragin ei zuen pertsonak edari alkoholikoak hartu izanaren zantzuak zituela egiaztatu zuten. Horregatik, pertsona horri baimendutako proba egin zioten eta 1,03 eta 1,07 miligramoko emaitza eman omen zituen arnas-kontrolean, baimendutako tasa 0,25 miligramokoa denean. Udaltzaingoak aipatutako pertsona atxilotu egin zuen bide segurtasunaren kontrako delitua egotzita. Ondoren, dilijentziak bete ondoren, epailearen esku utzi zuten.