Abrako itsas-erret klubaren aurka ustez planifikatutako atentatu saiakeraren auzia Espainiako Auzitegi Gorenera heldu zen atzo. Izan ere, Arkaitz Goikoetxearekin batera zortzi urteko espetxe zigorrera
kondenatutako Aitor Cotano algortarraren defentsak helegitea aurkeztu zuen atzo bista publikoan. Cotanorentzat absoluzioa eskatu zuen abokatuak, ustezko aferarekin loturarik eduki ez eta bere aurkako frogak torturen bidez inkomunikazio aldian sinarazitako deklarazioak direlako.
Europa Press albiste agentziak jaso duenez, defentsak nabarmendu zuen Guardia Zibilak ez zituela Cotano bideoz grabatu atxiloaldi osoan zehar, epailearen agindua urratuz. Fiskalak, ordea, zigorra berrestea eskatu du. Auzitegi Nazionalak pasa den azaroan zigortu zituen Goikoetxea eta Cotano, Iñigo Gutierrez absolbitu zuen epai berean. Gutierrez aske usteko arrazoia, hain zuzen ere, bere buruaren aurkako deklarazioak inkomunikazio egoeran sinatu zituela eta hori froga bakarra zela izan zen, Cotanorekin gertatu bezala. Argazkian, urriko azken ostiraleko elkarretaratzean salatu zuten epaiketa Algortan / cc-by-sa
Algortan Egin Dezagun.