Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Plentzia, Sopela eta Urdulizko gazteak "proiektu txikitzaileak" geldiarazteko batzea erabaki dute, "gaur egun gure eskualdeak eta orokorrean Euskal Herri osoak pairatzen duen egoera salatzeko". Horregatik, gaur, larunbata, hiru herrietako gazte asanbladek Lurralde Zati Planaren kontrako bizikleta martxa egingo dute goizeko 11etatik aurrera, "Gazteak mugitu, txikizioa gelditu" lelopean. Naturaren aldeko martxa horretan, tokiko neska-mutilez aparte hiru herrietako hainbat elkartek ere bat egin dute, erreleboen bitartez, martxan parte hartzeko. LZPren kontrako bizikleta martxak Plentziako Ermitatze gaztetxea zegoen tokian izango du irteera. Hainbat errelebo egin ondoren, Barrikarantz abiatuko dira eta bertan ere hainbat elkarteek bat egingo dute bizikletadarekin. Hurrengo herria Sopela izango da eta tokiko gazteriak Sekeko gaztetxean hartuko du erreleboa, helmuga izango duten Urdulizeraino heltzeko. Bertan egun osoko egitaraua prestatu dute. Argazkian, 2010eko abenduaren 18an, 150 bat herritarrek egin zuten Lurralde Zati Planaren (LZP) kontrako martxa Getxoko Bentatik Azkorrira.
LZPrik Ez herri ekimenak ekitaldia egin ostean, triki-poteoa izango da herriko tabernetatik. Jarraian, 15:00etatik aurrera, herri bazkari eta bazkal oste musikatua egongo dira Antsonekoa plazan. Arrastian, berriz, batukadarekin batera, gaztetxeen aldeko kalejira egingo dute Urdulizko kaleetatik, "gazteen oihartzuna" entzun dezaten. Bukatzeko kontzertua izango da herriko plazan, Irrintzi erromeria taldea eta Chalwa Band Urdulizko reggae bandarekin.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.