Euskarazko lehen dokumentalak grabatu zituen
Gotzon Elortzak 1950eko hamarkadaren bukaeran eta 1960koaren hasieran. Lau film labur dira garai hartako lanaren fruitua: "Ereagatik Matxitxakora" (1959), "Aberria (Erria)" (1961), "Elburua Gernika" (1962) eta "Avignon" (1963). Parisen bizi zen film horiek egin zituen garaian, baina Getxon laketu zen azken urteotan. 89 urterekin hil da. Euskara bezalako hizkuntza gutxituek aurrera egiteko ikus-entzunezkoak behar-beharrezkoak zirela jabetzen aurrenekoetakoa izan zen Elortza. Eta Parisen bizitzeak ere izan zuen eragina, garai hartan Frantziako hiriburuan normala baitzen inora joatean kamera aldean eraman, dokumentalak grabatu eta ondoren jendeari erakustea. Horixe egin zuen berak ere eta Parisko Euskal Etxean erakutsi zituen Euskal Herriko irudiak, gero Baionan eta Hego Euskal Herrian ere egin ziren proiekzioak. Egindako lanarengatik merezitako omenaldia eman zioten getxoztarrek 2010. urtean. Udalak Aixerrota saria eman zion zinemagileari eta ondoren berak grabatutako dokumentalak proiektatu zituzten. Duela urtebete berriz, Euskadiko Filmategiak zaharberritu egin zituen lan horiek. Argazkian, Gotzon Elorza / © Getxo.net.