"Sua" filmerako sarrerak eskuragai jarri dituzte Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 14a, 14:11

Duela 8 urte baino gehiago hasi ziren Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideek "Sua" XVII. mende hasieran Lapurdin izandako inkisizioan oinarritutako filma egiten. "Pelikula hau herri mailan eta era amateurrean egin da, batere baliabide eta diru laguntzarik gabe, guztia jendearen eskuzabaltasunaz landuta. Gutariko inor ez da mundu honetan aditua, baina ederki pasa dugu film hau grabatzen, Euskal Herri guztian zehar egin ditugularik grabaketak eta 700 lagunetik gora parte hartu duelarik", azaldu dute arduradunek. Zatietako batzuk Uribe Kostako hainbat parajetan grabatu dituzte eta eskualdeko lagunek ere parte hartu izan dute. Orain estreinatzeko garaia da. Gauzak horrela, uztailaren 13an Algortako Bihotz Alai plazan izango da ikusgai, 22:00etan. Bertara hurbildu nahi izanez gero, Bizarra Lepoan eta Egizu euskara elkarteetako bulegoetan (Martikoena kalea 16, 2. solairua, Algorta) sarrerak eskura daitezke. Era berean, Katilu, Saniko eta Ajuria tabernetan ere lor daitezke. 6 eurotan daude salgai. Filma estreinatu baino lehen, uztailaren 2tik 13ra, argazki erakusketa jarriko dute ikusgai Algortako Aldai patronatuan. Argazkian, filmaren pasarteetako bat.

"Sua" filmaren aurrerakina (bideoa)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun