Getxoko Bildu: "Getxo gorri-more-berde baten bidean, urtebetez"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 14a, 14:36

Astelehenean bete zen lehenengo urtea Bilduko hautatsiok -Maitane, Bingen, Arantza eta Roberto- Udaletxera eraman gintuzuenetik. Eta horregatik, uste dugu heldu dela balantzea egiteko unea, 365 egun hauetan -Gabi eta Maiterekin Udaletxean, eta hainbat Bildukiderekin bulegotik kanpo- egindako lana aurkezteko momentua. Badakigu, jakin, alderdi politikoen Apartheid garaiaren orria ez dugula oraindik pasatu, oraindik guztion eskubide politiko eta zibilak ez direla errespetatzen… Hala ere, Bildu aire freskoa sartzen saiatu da Getxon. Hasiera hasieratik Bildun erakutsi nahi izan dugu politika gorri-more-berde eta parte hartzaile bat egiteko dugun borondatea eta Getxoko udalean horretarako dagoen aukera. Buru belarri hasi ginen herritarren eskariei eta gure programaren ildo estrategikoei erantzuten dieten ekimenei ekiten. Lehenengoa, Getxoko politikarien soldatak nabarmen baxatzea proposatu genuen baina EAJ, PP eta PSOEk euren pribilegioak mantendu gure eta ezetz borobilena eman ziguten. Hala ere, ez gara lehen ahaleginean etsitzen ditugunetakoak. Herritarren parte-hartzea erraztearen alde Osoko Bilkurak arratsaldez egitearen kontuarekin berriz, aldekotasuna lortu genuen. Orain hileko azken asteartean 17:00etan egiten dira.

Udaleko gaietan herritarren parte-hartzea bermatzeko egin dugu ahalegin handia. Horretarako, hainbat batzar egin dugu herritar zein Getxoko elkarte ezberdinekin beren iritziak, kezkak eta proiektuak ezagutzeko, bai Getxoko aurrekontuen aurrean Bilduren jarrera finkatzerakoan baita Getxoko Osoko Bilkurara getxoztarren nahiak mozioen bidez eramateko ere: Maidaganen egingo den plaza berriaz, Barne Araudiaren berriztatzeaz, Itzubaltzeta-Romoko Kultur Etxearen proiektu parte-hartzaile baten alde etabar. Bestetik, ahal dugun neurrian, herri eragileak eta udalaren arteko informazio transmisore izateko ahalegina egiten ari gara, herriko hainbat elkarte eta banakoentzat: guraso elkarteak, Gazte Asanbladak, dragaren kontrako plataforma, ostalariak, auzo elkarteak, etab.

Normalizazio politikoa bada gure ildo estrategikoetako bat. Azken urte honetan herritar guztien eskubide politiko eta sozialak aldarrikatzen ahalegindu gara udaletxean. Honela, talde politiko guztiek beren jarrera azaldu behar izan dute adibidez Xabier Galdeano omentzeko eskubideaz, politika egiteagatik auziperatuak diren getxoztarren eskubideen urraketaz, eta abarrez, argi geratu delarik EAJ, PP eta PSOE oraindik ez daudela prest eskubideok babesteko eta iraganeko posizioetan darraiela.

Euskal kultura eta euskara babestea izan da gure ardura eta gure jarduera ere bai. Bildu Getxo udal taldea osatzen dugun guztiok euskaldunak gara eta euskara da gure lan hizkuntza barne bileretan, Osoko Bilkuretan eta beste taldeetako zein banakoekin euskaldunak direnean. Hala ere, salatu behar dugu oraindik ere Getxoko udalean hainbat txosten erdara hutsean jasotzen dugula eta honek oztopatzen du gure jarduna.

Etxebizitzaren arloan ez dugu inolako borondaterik aurkitu EAJren aldetik guztion etxebizitza eskubidea bermatuko duen politika garatzeko. Horregatik Bildun eskatu dugu jadanik prest dauden etxebizitza sozialen proiektuak eraikitzen has daitezen eta euren utzikeria eta interes falta salatu dugu.

2012ko aurrekontuak parte-hartzaileagoak gauzatzeko ahalegina egin dugu. EAJri herritarrengandik eta gure programatik jasotako proposamenak eraman dizkiogu eta euren erantzun ezak gure proposamenak kontuan hartzeko borondate falta utzi du agerian.

Legegintzaldia hasi besterik ez da egin. Lan handia dugu egiteko baina argi duguna zera da, herritarrek, elkarteek eta herri mugimenduak izan behar dutela Getxon herri alternatibaren protagonistak eta gu, Bilduren ordezkariok, herritarren zerbitzura lan egiteko gaudela.

Era berean, hemendik azaldu nahi dizuegu gure eskerrik handiena zuen laguntza eta babesa hamabi hilabete hauetan, eta espero dugu aurrerantzean zuekin batera Getxo bizigarri, solidario, euskaldun, kulturanitza, gorri-more-berde eta parte-hartzeari irekia lortzea…

Getxoko Bildu
bildu.info/getxo
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun