Euskarak batuta, arratsean kantaldia egingo dute sopeloztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 15a, 20:07

"Euskarak batzen gaituelako!" lelopean, gaur arratsaldean V. Kantaldia ospatuko da Sopelan, Aitxu! elkartearen eskutik. Urtero legez, auzokideek eta herriko elkarteek bat egingo dute euskararen erabilera bultzatzeko eta herrian giro alaia sortzeko. Ohi bezala, jaialdiak zati bi izango ditu. 19:00etatik aurrera, kale-kantuketa egingo dute bertaratzen diren lagunek, Taberna Ibiltariaren laguntzaz. Laiak tabernan jarri dute hitzordua. Herriko tabernak zeharkatu eta zintzurrak ondo busti ostean, Urko kiroldegira joango dira bapo afaltzera, herriko eragile, kirolari, tabernari eta auzokideekin batera. Kanta-liburuxken laguntzaz, euskal kantak abestuko dituzte. Tripazorriak dantzan izan ditzagun, honako menua prestatu dute: porru eta perretxiko pastel epela bere saltsarekin, saiheskia patatekin, oilasko errea, entsalada eta hostorezko etxeko tarta. Barazkijaleentzako menua ere izango da. Mota honetako ekimenekin, Aitxu elkarteak euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatu nahi du Sopelan. Izan ere, eguna baliatzen dute eragile ezberdinak elkartzeko eta kanten bidez euskaraz gozatzeko. Argazkian, kantaldiaren aurreko edizio bat / © Sopelako Udala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun