"Euskara, protagonista"
Ekintza parte hartzaileak izango dira nagusi sanpedroetan eta karmenetan: koadrilen jaitsiera, kantaldiak, dantzaldiak, herri-bazkaria, pintxo-dastaketak, familiartean egiteko jolasak eta abar. "Aurten ez dugu etxean lotzeko aitzakiarik izango", jai batzordearen arabera. Izan ere, adin guztientzako jarduerak antolatu dituzte, umeak eta familiak kontuan hartuz, nerabe zein gazteak, heldu zein nagusiak. Umeentzako jaietako jolas parkea Zipiriñe eskolako patioan egongo da, baina orokorrean umeei eta familiari zuzendutako ekintzak udaletxe plazan eta herrian zehar ere izango dira. Gaztetxoei zuzendutako ekintzak, berriz, Artatza parkean eta Jauregizar plazan izango dira. Nagusien dantzaldi eta kantaldiei dagokionez, herri osotik banatuko dira.
Sopela jai-gune erraldoia bihurtuko da sanpedroetan. Herriaren erdigune osotik zabalduko da jai-giroa, gune guztietan giroa sortuz: kalejirak, antzerki ibiltariak, fanfarreak... Horrela, herrian zehar dauden taberna guztietan giroa sortuko da. Sopela jaietan dagoela ondo adierazteko, aurten herriko elkarteen irudi izango diren zapi erraldoiak eskegiko dira apainketa legez, kaleak alaitzeko eta sopeloztarrak jaien protagonista bihurtzeko.
Udalaren aburuz, "euskararen presentzia guztiz bermatua izango dugu jaietan, eskainiko diren bertso-saio, tailer, kontzertu eta bestelako ekintzen protagonista izango baita. Auzokideei dagokie gero, jaietan zehar, euskaraz berba egitea; dabilen mihiari ez zaio goroldiorik lotzen!".
Bestalde, sortzaile sopeloztarren lanak bultzatzeko asmoarekin, bertako musika-talde sopeloztarren kontzertuak izango dira, bai Sopelan bai Larrabasterran.
Jaietako datak
• San Pedro: ekainak 28, 29, 30 eta uztailak 1.
• Karmen: uztailak 13, 14, 15 eta 16.