Espainiako Auzitegi Gorenak Mikel de Gregorio gazte algortarrari iaz ezarritako lau urteko espetxe zigorra bertan behera utzi zuen atzo. Josu Rodriguez "Nekora"-ri, aldiz, lau urtetik hirura murriztu dio zigorra, haietatik bi hilabete eta bost egun bete zituen 2007an. Biei kale borroka taldea osatu eta Larrañazubin hainbat zulo egin eta erregaiak gordetzea egotzi zizkien Auzitegi Nazionalak, Rodriguezek inkomunikazio egoeran sinarazitako deklarazioetan oinarrituz. Auzitegi Nazionalak 2011ko urrian zigortu zituen aipatu bi mutilak eta eskualdeko beste bederatzi gazte absolbitu zituen. Izan ere, auziari Espainiako Polizia Nazionalaren Bilboko Informazio Brigada Probintzialak
2007ko urriaren 16an Uribe Kostan egindako atxiloketekin eman zitzaion hasiera. Guztiei kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko
hamar ekintza inguru leporatzen zieten. 2011ko irailaren 19tik 22ra
epaitu zituzten. Gazteek hasieratik salatu zituzten tratu txarrak. Argazkian, epaiketaren egunetan Algortan egindako mobilizazioa.