Ekimena EAEko CEAR, Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordearen eskutik heldu da eta Getxoko Udaleko babesa izan du. Izan ere, Udalak duela bost urtez geroztik asilo eta babesaren ikuspegia hartzen du kontuan Immigrazio eta Kulturartekotasuneko Unitateak aurrera eramaten dituen sentsibilizazio jardueretan. Asilo-eskubidea gure inguruan oso ondo ezagutzen ez ei den eskubidea da, gure artean beren herrialdeetatik arraza, erlijio, nazionalitate, iritzi politiko edo genero arrazoiengatik jazarpena jasan eta ihes egin behar izan duten pertsona errefuxiatuak bizi arren. "Antza denez atzera egiten ari den asilo-eskubiderako bermeak hartzeko beharra aldarrikatzen dugu Udaletik, eta antolatzen ditugun jardueren helburua Getxoko pertsonek, kolektiboek eta erakundeek asilo-eskubidearen egoera larriaz kontzientziatzea da eta baita aipatutako pertsonen errealitatera hurbilaraztea ere, bizi duten egoeraz kontzientzia hartze aldera", nabarmendu du Elena Coria Immigraziorako zinegotziak.
Bestalde, Patricia Barcena, EAEko CEAReko zuzendariak, Udalari bere parte hartzea eskertu ondoren, gogoratu du gaur egun munduan 43 milioi baino gehiago direla jazarpenen eta giza eskubideen urraketen ondorioz lekuz aldatu behar izan diren pertsonak. Erakundearen zeregin nagusiak dira errefuxiatuekin duten esku hartze zuzena eta gizarte eraginari eta partaidetza dagozkion prozesuak, "lekuz aldatu behar izan diren pertsonak ikusgai egiteko helburuarekin, herritar kritikoak eta kulturen arteko elkarbizitza sustatuz. Ekainak 20ko jarduerek, erakusketak eta tailerrak tartean, gizartearentzako deia izan nahi dute" azpimarratu du EAEko CEAReko zuzendariak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.