2009ko urtarrilaren 23ko goizaldean, Baltasar Garzon epaileak aginduta, zortzi pertsona atxilotu zituen Espainiako Polizia Nazionalak D3M hautesle elkartearen eta Askatasuna alderdiaren aurkako sarekadan. Hiru egun beranduago Garzonek espetxeratu egin zituen. Handik egun batzuetara, Lidia Barcena eta Urtzi Vidal uribekostarrak ere auziperatu zituen, gero aske uzteko. Ohi bezala, epailearen teoria zen hauteskundeetarako eskaintza ETAren tresna besterik ez zela. Aldiz, pasa den hileko epaiketan egiaztatu ahal izan zen froga bakarra auzipetuen parte hartze politikoa izan zela azpimarratu zuen Jone Goirizelaia defentsako abokatuak.
Kosta ahala kosta, D3Mk 47.337 sinadura batu zituen hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, baina otsailaren 9an Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen hautesle elkartea, Askatasunarekin egin bezala. Martxoaren 1ean burutu ziren EAEko hauteskundeak eta 100.924 boto baliogabe zenbatu zituzten, haietako gehienak D3Mko hautes-paperak zirela. Gauzak horrela, PSE-EEk eskuratu zuen Lehendakaritza, PPren sostenguarekin. Martxoaren 24an, operazioko zortzi atxilotuak askatu zituzten. 2012ra arte ez zituzten epaituko.
Auzitegi Nazionalak kaleratutako epaia
Eli Zubiaga algortarra, Iker Rodrigo lutxanarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra eta beste 10 auziperatuak absolbitu ditu gaur Auzitegi Nazionalak, Ilegalizatutako D3M eta Askatasuna indar politikoen aurkako auziaren epaian. 31 orrialdeko sententzian, akusatuek ETAren interesen aldeko lan egin baina hori nahita egin zutenik esateko frogarik ez dagoela argudiatu dute Manuela Fernandez Prado epaimahaiburuak eta Ramon Saez Valcarcel magistratuak. Nicolas Poveda epaileak bere aldetik, boto partikularra eman du, auzipetuak zigortzearen alde. Horretarako 150 orrialde behar izan ditu. Lehenengo balorazio batean, Arantza Urkaregik eskertu du Euskal Herrian auziperatuek bizi izan duten elkartasun uholdea eta eskubide zibil eta politikoen alde egin diren mobilizazio guztiak. Gainera, horri egotzi dio epaiketa irabazi izana, "epaiketa hau hemen irabazi dugulako, ez Madrilen", azaldu du. Gogoratu duenez, "gure lan politiko eta gure ideologiagatik atxilotu, espetxeratu eta prozesatu" zituzten. Era berean, "epaiketa politikoekin bukatzeko" deia egin du: "hau izan dadila azkena". Gaur elkarretaratzea egingo dute arratsaldeko 8etan Astrabuduako Josu Murueta plazan, "Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak guztiontzat" lemapean. Bihar, ordea, Iker Rodrigo auziperatu erandioztarrak epaiaren balorazioa egingo du UKBERRI.NETen. Argazkian, aurreko mobilizazio bat Erandion / cc-by-sa